Baina hori orain dela denbora pila jazo zen!

Nor bere burua hainbat urtez Nafar Estatuaren aldarrikapen eginkizunean murgilduta egon denean, saiatuz, ahal den heinean, momentu bakoitzean beharrezkotzat jotzen dena eginez eta indar eta baldintzek baimenduta, norberak pentsatuko luke bide gehiago egin dala. Ez hau gaizki ulertu, ez dut esan nahi ibili ez denik, baizik eta desirak, amets bat beteta ikusteko grinak edonor eroan dezake gauza askoz aurreratuagoa egon beharko litzatekela.

Noski distantzia hartzen badugu eta sudur puntatik argazkia kendu, berehala ikusiko dugu askoz gehiago dagoela. Urrun daude Nafarroako banderari «Ikurriña bai, espainola ez!» ohiukatzen zitzaionen egunak. Urrun gure herrialdeko ekintza politiko, sozial eta kulturaletan bandera nafarrak ikusten ez ziren egunak (berdin dit zein diseinutan). Noizbehinka norbait ibilbidean temati dabilenean beharrezkoa da gelditzea eta atzera begiratzea. Sekulako euriteak jasatzen genituen manifestazioak non atzera pausorik ematen ez genuen bandera eroaterakoan, hitzaldiak, kurtsoak, liburuak, komikiak, dokumentalak, ekintza kultural eta politikoak, are eta alderdi politikoen sorrera, Udaletxeetan adierazpenak, kamiseta probokatzaileak eta hizkuntzaren birak inposatua izan zaigun errealitatea eraldatzeko. Gu geu lehen eraldatuak izanik.

Eraldaketa lan horretan dudik gabe ezinbestekoa da hitz egitea. Hurbilenen dugun jendearekin hitz egitea, auzokoekin edota ezezagunekin baita ere. Hitzaren boterea, gauzatu egiten den berba. Ekidin ezina da elkarrizketa horietan aurkitzea eztabaida behin betiko amaitu nahi duen erantzun ohikoa: «Baina hori orain dela denbora pila jazo zen!»

Artikulu dexente beharko lirateke esaldi hori bere hainbat esanahietan aztertzeko. Utzidazue hemen pertzepzioaren ikuspuntutik aztertzen.

Zer da hurrunekoa denboran eta zer hurbilekoa? Nafarroa ikusten dugu (gizartean orokorrean) zer edo zer ertarokoa bezalakoa, bere independentzia orain dela mende askotakoa, urteen pisua gure gainetik altxa ezinezko harlauza izango balitz bezala. Ba bada garaia Nafarroa antzemateko gure inguruan, edo gutxienez denbora hurbiltasun batean.

Zerk definitzen du Estatua? Dudik ez galdera honek tinta mara mara jaustea eragin duela, baina adostasun bat aurki dezakegu armada bat edo populazioa armatan altxatzeko ahalmena eukitzean, zergak bildu eta ongizate orokorrerako erabiltzeko ahalmena eukitzea (zer den ongizate orokorra hori beste eztabaida bat da), legeen ekoizpena eta/edo ohiturazko zuzenbide bat aplikatzea beti Estatu horren gizartearen bizitza hobetzera zuzenduta, eta arauak betearazten direla bermatzen duen sistema bat eukitzea eta epaitzea arauak hautsi diren ala ez.

Bada kokista totalaren ostean «Monarkia Multiestala» zen Austrien Espainia horretan Nafarroak bere lege propioak dituela topatzen dugu (Foruak), bere zergak biltzen ditu, tropak soilik deitu behar dira bere lurraldea inbaditua denean, eta bere sistema judizial berezkoa dauka. Eta Nafarroa esaten dudanean noski gaztelau domeinu azpian zegoen Nafarroa osoaz ari naiz bai Erregeorde zein mendekotasun bidezko domeinu zuzenaz (Valladolidera auzitan aritzera joan beharra konkistatuari gauzak argi uzteko modua da).

Borboiak heltzen dira eta Konbetzioaren Gerran adibideak ditugu non bertoko tropak altxatzen diren lurraldea inbasore frantsesangatik defendatzera horrela dioelako Foruak. Gaztelau mendekotasunean dirauten beste estatuen ezberdinduta, Nafarroak Austriekin zuen estatalitatea mantentzen du nahiz eta akulturazioa eta gizartearen gaineko presioa inoiz baino presenteago izan.

Badatoz Gerra Karlistak, espainiar zentralismoaren orroa inoiz baino bortitzago entzuten da eta 1876an behin betiko abolitu egiten dira Foruak. 1841etik Nafarroak bere Erreinu titulua kendua zuen, konkistatzaileak egin eta desegin duen beste adibideetako bat, erralitatea transformatuz nahi izan duen moduan bere etekinerako.

Adi, 1876an gaude. Urte horretan bizirik zirauen hitz hauek idazten dituenaren birraitona. Gaur egun bizirik dirauten pertsonen aiton-amonak BIZI izan zituzten FORUAK. Txantxarik ez.

1878an ere ezarria izan zen Kontzertu Ekonomikoa bezala ezagutzen den «paria». Urte hortatik aurrera ordaindu behar izan zen mendebaldeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintzietan eta baita Nafarroa nuklearrean ere, Gaztelak erabakitako kantitate bat, eta hortarako guk bilatu beharko genituzke baliabideak. Aho bikoitzeko ezpata. Eta hori guztia hamarkadetan zean txikitzen joan zen Estatalitate horren zerbait mantendu ahal izateko.

1878ko Kontzertu hori da, parentesi frankistaren ostean, gaur egungo kontzertu eta erregimen ekonomiko berezia inspiratzen duena. Kontzertu hauek 1878an eta 1978an aurrera eroateko motibazioak guztiz ezberdinak izan daitezke, baina bere justifikazioa argi dago. Nafar Estatalitatea. Nafarroarik gabe ez dago kontzerturik. Euskal-Nafar Kontzertu ekonomikoa Nafarroa da. Nafar Estatua da.

Ikusterakoan beraz, sateliteren bat kenduta, nafar gizarte guztia Kontzertua defendatzen, Nafar Estatuaren inguruko elkartasun areagotzea dugu begien aurrean. Ala ez? Argi dago badagoela norbait parien ordainketekin konformatzen dena, baita poz pozik dagoena ordaintzen, beste batzuk Kontzertuan sinbolo bat ikusten dugun bitartean baina hor geratu gabe, estatalitatea subiranotasunaren berreskurapena bezala ulertzen baitugu eta ez soilik gestiorako libertate apur bat adostatutako ordainketa baten truke.

Guztiz faltsua da beraz esatea Nafarroa orain dela denbora pila jazo zela. Nafarroa orain bertan gertatzen ari da, momentu honetan bertan. Nafarra badago hemen eta orain, bere gizartean, konkistadore bati paria bat ordaintzen dion gizartea libertate simulatu baten azken zirrikitura heusten diona. Aldaketa, aurrerapena, etorkizuna eta aurrerakuntzak horrenbeste gustatzeko, hamaika aitzaki bilatzen ditugu orainaldiko gertakariak aldagaiztasunean eta iraunkortasunean justifikatzeko. Nafarroarena orain dela asko jazo zen, baina bestetik «hau beti izan da Espainia». Ikusteko modukoa zein matxuratua dugun denboraren pertzepzioa.

Gaizka Basaldua
Nafar Biltzarra